XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Urte hauetako oparotasuna, Posta kalean Angel Velascok zuen ispilu-dendako begiratokian erakusteko Bilbora igortzen zituen akuarela eta taula txiki ugarietan begibistan agertzen da.

Guinearen obra txiki hauetan era garbian zehazten da preziosismo fortunianoa, eszenak errepresentatzean erakusten duen zehaztasunean eta luxuan agerikoa denez, argia eta kolorea oraindik era errealistagoan biltzen dituelarik.

Garai honetan egindako bere lanik goraipagarrienak Inter pocula (1884), Las bodas del Faraón (1885) eta Recuerdos de Capri lirateke.

Azken honekin Madrileko Erakusketa Nazionalean hirugarren domina irabazi zuen.

Baina, Guineaz gain, zeinek Italian izandako esperientzia arin eta egoki bideratu zuen euskal margogintzan, badira beste hainbat izen ere paraje horretarantz joandako euskaldunen zerrenda luzatzen dutenak.

Laurogeigarreneko hamarkadan oraindik margolari gipuzkoar askok jarraituko diote Echenagusíaren bideari, euron artean Alejandrino Irureta (Tolosa, 1854- Donostia, 1912) erretratolaria eta margolariaren lagun handia, eta Joaquín Sorollaren jarraitzaile diren lagun valentziar mirestuak, berauekin batera Erroman izango direlarik Ignacio Ugarte (Donostia, 1858-1914), José Salis (Santoña-Cantabria, 1863 - Irun, 1927), eta, azkenik, Ignacio Zuloaga, honek 1889. urtean Erromatik Pariserako bidea hartuko duelarik.

Aitzindari hauen ondoren, dirulaguntzen politikari esker, beste hainbat artistak ere mendearen amaiera honetan Italiarako bidaia amestu hau egiteko abagadunea izango dute, gehienak egotaldi laburrak baina emankorrak izanik.

Orain Arabako margolariak ere voayeur Italian talde horretan sartuko dira, euron artean Fernando de Amárica (Gasteiz, 1866-1959), Ignacio Díaz Olano (Gasteiz, 1860-1916), eta, Erromako Akademia Espainiarrean pentsionatu izan zen euskal artista bakarra, Ignacio Barbara Balza (Laudio, 1867 - Santander, 1931).

Azken honek 1895. urtean historiazko margogintzako oposaketa atera zuen.

Historiazko margogintzaren barruko euskal atala

Euskal margolaritzak bere heldutasuna lortuko duen ibilbide luze honetako kontakizunarekin jarraitu baino aurretik, modernotasun artistikoa agertzear dagoenean, historiazko margogintza landu izan zen aldikada labur baina oparo bat aztertu behar genuke.

Aldikada hau bi gertakizun artistiko garrantzitsuren inguruan moldatzen da: alde batetik 1882.eko Bizkaiko Lurraldeko Erakusketaren inguruan, eta bestetik (...).